Kapitulu honetan, Espainiako bost autonomia erkidegotako udalaren gizarte-zerbitzuen antolaera jorratuko da: Nafarroako Foru Erkidegoa, Katalunia (bereziki, Bartzelonako probintziako gizarte-zerbitzuak), Galizia, Gaztela eta León eta Gaztela-Mantxa. Jakina denez, aipatutako autonomia-erkidegoek gizarte-zerbitzuen sistema antolatzen duten erak eta udalek horietan daukaten parte-hartzeak ez die Euskal Autonomia Erkidegoko udalen gizarte-zerbitzuen egoerari eragiten; hala eta guztiz ere, baliagarritzat jo dugu honako txosten honetan bost autonomia erkidego horietako udalen gizarte-zerbitzuen eginkizun eta eskumenen deskribapena jasotzea, alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko egoeraren testuingurua zein den garbi edukitzeko eta, batik bat, elementu egokiak identifikatzeko sistema horietan Euskal Autonomia Erkidegoko lehen mailako arretari lotutako gizarte-zerbitzuak hobetzen laguntzeko helburuz.
Bost sistema horien gaineko azalpenak autonomia erkidegoko horietako bost adituk bidali dizkigute; hala, aditu bakoitzak udalen gizarte-zerbitzuen antolaeraren eta egoerari buruzko txostena landu du, nork bere autonomia erkidegoko gizarte-zerbitzuei dagokienez. Honako pertsona hauek prestatu dituzte txostenak:
-Lucía Martínez Virto. Gizarte Laneko Departamentua. Nafarroako Unibertsitate Publikoa.
-Miguel Ángel Manzano.Gizarte Ekintzako Zerbitzua. Gizarte Ongizateko Zerbitzuen Kudeatzailetza.Pertsonei Arreta egiteko Arloa. Bartzelonako Diputazioa.
-Carlos Santos eta Carmen de la Sierra. Erkidegoko Gizarte Zerbitzuak Koordinatzeko Zerbitzua. Familia eta Inklusioaren Zuzendaritza Nagusia. Gizarte Politikako Saila. Galiziako Xunta.
-Arantxa Hernández Echegaray. Gizarte Zerbitzuen Atala. Palentziako Udala.
-María José Aguilar. Gizarte Lan eta Gizarte Zerbitzuen Departamentua. Gaztela-Mantxako Unibertsitatea. Gizarte-zerbitzuen sistema bakoitzaren azalpenak sei alderdi nagusi jorratzen ditu:
-Araudia eta eskumenen egitura.
-Udalen gizarte-zerbitzuen egitura eta eginkizunak.
-Gutxieneko zuzkidurak eta langileria-ratioak.
-Lurralde-antolamendua eta administrazioen arteko lankidetza-bideak.
-Koordinatu, ikuskatu eta informazioa kudeatzeko tresnak.
-Finantzaketa.
Aipatu ditugun pertsonek bidalitako informazioan oinarriturik, ondorio gisa, kapitulu honen azken atalean laburbiltzen dira bost autonomia-erkidego horietako udalen gizarte-zerbitzuek egun dituzten erronkak eta, Euskal Autonomia Erkidegoaren ikuspegitik, alderdi esanguratsuenak nabarmentzen ditu, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoan ezarrita dagoen udalen gizarte-zerbitzuen ezaugarri bereizgarrienak eta aztertutako bost ereduetako zein alderdi txerta litekeen Euskal Autonomia Erkidegoan egun indarrean dagoen sisteman, hobetzeko helburuz.
Ondoko orrialdeetan jasotako informazioa interpretatzerakoan, honako alderdi hauek kontuan hartu behar dira:
-Kasu guztietan eskema berdinari jarraitu nahi izan badiogu ere, eskuratutako informazioa ez da berdina izan bost autonomia-erkidegoei dagokienez. Izan ere, laguntza eske jotako pertsonen profilaren, tokiko gizarte-zerbitzuen inguruko jakintzaren eta aztertutako sistemaren beraren egituraren arabera, datuen xehetasun-maila ez da berdina, eta aztertu diren elementuak ere ez dira beti berdinak izan. Era berean, esan behar da azterketa batzuek balorazioan sakontzen dutela; beste azterketa batzuetan, berriz, funtsezkotzat jo diren elementuei buruzko egoera deskribatzen besterik ez dute egiten.
-Txostenaren gainerakoan bezala, kapitulu honetan aztertzen diren alderdietako batzuk gainjartzen eta errepikatzen dira atal batean baino gehiagotan. Guztiaz ere, ahaleginak egin ditugu sistema bakoitzaren ahalik eta deskribapen antolatu eta sistematikoen eskaintzen, arestian esan dugun egitura erkidetik abiatuta. Era berean, honako txosten honetako beste kapituluetan gertatzen den bezala, beti ez da erraza izaten udalen gizarte-zerbitzuei bakarrik dagokien informazioa eta erkidego bakoitzeko gizarte-zerbitzuen multzoari dagokion informazioa bereiztea.
-Oro har, autonomia-erkidego bakoitzean ezarritako sistema lurralde bakoitzean indarrean dagoen legeria aintzat hartuta deskribatzen da. Hala ere, begien bistakoa da araudiak ezartzen duenaren –bereziki, gizarte-zerbitzuen eremuan− eta politika publikoen benetako hedaduraren artean dagoen tartea; horregatik, batzuetan, eremu arauemailearen deskribapen hutsa ez da nahikoa eta, egiatan, dena delako sistemaren jardunbide orokorraren deskribapena zailtzen du. Bestetik, gogorarazi behar dugu zail samarra izan daitekeela betiere aldez aurretik ezarritako eredu baten arabera diseinatu ez diren sistema batzuk deskribatzea, halakoetan, sistema horiek lehendik zeuden egitura eta elementuen gainean ezarri direlako. Horregatik guztiagatik, indarrean dagoen legezko eremua deskribatzeaz gain, aztertutako bost autonomia erkidegoetako udalen gizarte-zerbitzuen eta horiek osatzen dituzten egituren benetako jardunbidea albait zehatzen jasotzen ahalegindu gara kapitulu honetan.